Hiru krisiren aurrean gaude: osasun larrialdia, ekonomikoa eta soziala. Egoera honetan, beldurra, kezka eta ziurgabetasuna sentitzea normala da.
Krisi hauen ondorio guztiak oraindik erabat neurtu ezin ditugun arren, azken hamarkadako irakaspenetatik ikasi egin beharko genukeela uste dut.
Politika jendearen emozioak eta sentimenduak, nahiak eta beharrak ulertuta egin behar dela pentsatzen dut.
Nik eta hautagaitza hau osatzen dugun kideok Uztailaren 12an euskal herritarren bizimodua hobetzeko neurri zehatzak aurkezten ditugu, politika gehiengoaren ongizatearen bilaketa gisara ulertzen dugulako.
Nire prestutasuna adierazi nahi dizut, EH Bildu osatzen dugun kideekin eta politika egiteko beste modu baten alde ari diren pertsonekin, hurbiltasun-gobernantza eredu berri bat bultzatuz, guztion eguneroko bizitza hobetzeko.
«Sinetsita
nago gure
momentua
dela»
Maddalen Iriarte Okiñena (Donostia, 1963) da EHBilduk aurkezten duen lehendakarigaia. 35 urtez euskal komunikabide ezberdinetan aritu ondoren, 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan Gipuzkoako zerrendaburua izan zen eta lau urteotan taldearen bozeramale aritu da.
Zer moduz bizi izan dituzu Covid-19a eta konfinamendu sasoia?
Kezkatuta eta larrituta. Lehenik eta behin, ingurukoen osasunagatik. Senarra lehen arretako medikua dut eta badakit osasun zentroetan ze baldintzatan aritu behar izan duten lanean. Bestetik, gurasoen osasunagatiko kezka ere izan dut. Gero, beste ere kezka bat ere badut: honek nire semeen etorkizunean nola eragingo duen. 2008ko finantza krisiak bete betean kolpatu zituen euren etorkizun perspektibak eta oraingoak ere prekarietatezko orainaldi batera kondenatuko ditu.
Etxe guztietan bezala, gurean ere kezka eta larridura ditugu, beraz.
Halere, zure jardun politikoa ez da gelditu.
Ez. Etxetik eta ahal genuen baldintzetan, baina EHBildun ulertu genuen, jendearen eguneroko bizitza hobetzeko lanarekin aurrera jarraitu behar genuela. Etxetik ahal genuen eragile guztiekin bildu gara, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrera proposamenak eraman ditugu deseskalada planerako edo ERTEen kudeaketa egokia egin zedin...
Zein da azken astetan zabaltzen ari zaren mezu nagusia?
Bi mezu ari naiz bereziki errepikatzen:
Lehena, hauteskunde hauek baliatu behar ditugula konfinamendu sasoian 20:00etan balkoira ateratzen ginenok, txalo haiek politika publiko bilakatu ditzagun. Zerbitzu publiko indartsuago bat beharko dugulako, ez bakarrik osasun zerbitzuak osatu eta babes sareari berme gehiago emateko, baita politika ekonomiko integral baten bidez ere, enplegua sustatzeko eta defendatzeko. Horretarako, erakunde politikoak ongizate komunaren bilaketara lerratu behar dira, interes klientelistak abandonatuz.
Eta bigarrenik: herri honek, jendarte honek, kultura politiko berri bat behar du. Akordio eta lidergotza berriak. Zergatik? Batez ere, azken hamarkadan inertzia zaharrekin funtzionatzen jarraitzen duelako eta orain inoiz bizi izan ez dugun egoera berri batean gaudelako. Inoiz bizi gabeko egoera batean gaudenez eta kezkak eta beharrak aldatu egin direnez, argi dago, behar hauei ezin zaiela azken hiru hamarkadetako formula zaharrekin erantzun.
Uste dut, zentzu horretan, gure indarretan gehiago sinetsi behar dugula, talentua, indarra eta gaitasun izugarriak ditugulako. Kolektiboki eta indibidualki, parerik gabeko mugimendua gara; herri eta jendarte honi erantzun berriak eskaintzen ari den bakarra.
Hori horrela, zer da EHBilduk proposatzen duena?
Programa zehatz eta egingarri batekin aurkeztuko gara hauteskundetara. Puntu hau azpimarratu nahi dut, garrantzitsua delako: EHBildu gobernatzeko prest dagoen eta gobernatzeko proposamen eta pertsonak aurkezten dituen alderdi bat da. Ez dugu baloreen defentsan, oposizioa borondatetsuan edo gertakarien salaketan bakarrik aritu nahi. Herri hau askatasunera eraman eta jendearen bizimodua hobetzeko lan egiteko sortu ginen eta horretan aritu gara eta arituko gara baita Covid-19aren krisia kudeatzerakoan ere. Zentzu horretan, bi aldagairi ematen ari gara garrantzia: ZER egitea proposatzen dugun eta hor eraikitzaileak izango gara, baina NOLA egingo dugunak ere garrantzia du eta hor, uste dugu, ez dela arrogantzien garaia eta enpatikoki arituko gara, zaintza lehenetsiz.
Euskal Herria 2030 (Jaiki plana?) proposamenaren bidez, herri honi norabide integral bat eskaini nahi diogu, inertzia zaharrak gaindituz eta jendartean sortu diren galdera berriei erantzun eguneratuak eskainiz.
Inertzia zaharrak gainditzearena errepikatzen ari zara. Zer esan nahi duzu horrekin?
Hiru esanahi ematen dizkiot inertziak gainditzearen beharrari: EAJ-PSE entente higatu eta agortuari alternatiba bat aurkitzea, politika egiteko moduetan eguneratzea eta lidergotzak eraberritzeko premia. Azken batean, kultura politiko berri batera jauzi egitea.
Ildo horretan, uste dut, EAJ-PSEren politika ereduek arrakala sakonak dituztela, legegintzaldi honetan Covid-19aren kudeaketan zehar ez ezik, Zaldibarko kasuan ere frogatu ahal izan den bezala. Eredu agortua da, aire berria behar dute, ezin dute azken 30 urtetako errezeta berdinekin jarraitu. Azkenik, politikan ezin da nagusikeriaz aritu eta jendearengandik hurbilago eta enpatikoagoa izango den lidergotza humano eta ausartago bat behar dela sinetsita nago.
Azken hilabete hauetan, eredu jeltzalearen kudeaketa onaren mitoa eta aldebikotasunaren mitoak miseria hutsean geratu dira eta norabide horretan, zaharrari txatalak jartzen aritzeak endekapena sakontzea besterik ez du suposatuko.
Hori hurrengo lau urtetan burutzea posible izango dela uste duzu?
Jendartea ez da duela 10 urtekoa, Euskal Herria ez da duela 5 urtekoa, batez ere konfinamenduaren ostean. Etxean bi hilabete pasatu ditugu herritar gehienek konfinatuta: alor pertsonalean, gure bizitzan garrantzitsua, desiragarria eta alboragarria denaz pentsatzeko abagunea izan dugu gehienok.
Jendartearen balore eta desiretatik hurbilen gauden alderdia gara eta baliatu egin behar dugu, aldaketak eta eraldaketak sustatzeko. Politika ez da bandoak sortu eta elikatzea, borondateak eta afektuak artikulatzea baizik, are gehiago baldintza hauetan. Zentzu horretan: Jaurlaritza egungo euskal jendartearen islada al da bere AHTarekiko temarekin eta Kantabriarako irekierekin? Gizartearen kezka eta beharrei erantzuten ari al zaie? Noren defentsan ari da? Eta lehentasunak aldatu gabe, horrela jarraitu behar al du?
Ni, Maddalen Iriarte, feminismotik azken urtetan ikasitakoagatik izango da, baina sinetsitako nago gure momentua dela. Gure momentua EHBildu gisara, ahalduntzeko, gobernatzeko, arduraz jokatzeko, altuera erakusteko, gidatzeko eta eraikitzaile arituta soluzioak eskaintzeko.
Zer eta nola egin behar zaio aurre egoera berriari?
Uste dut, galdera batzuk kokatu behar ditugula eta erantzun garbiak eman:
Nork ordainduko ditu krisi hauen ondorioak? Fiskalitate gaietan, orain artean bezala, Confebaskek bahituta jarraituko dugu? Ala gehien daukatenei gehiago exijitu beharrean, murrizketa gehiagoren bidez, aurreko krisian ordaindu zuten berberak ordaintzea bilatuko du? Osakidetza indartsuago edo ahulago bat nahi dugu? Azken batean, zertarako ateratzen ginen txalo egitera bestela?
Galdera horiei erantzunak ematen dizkien plan integral bat aurkeztu dugu, epe laburrera erantzunak eskainiz, baina epe ertainerako ere ortzemuga berri bat irudikatuz. Proposamen egingarriak dira, kontrastatuak, zaintzaren kultura erdigunean jartzen dutenak, Europako beste herrialdetan arrakastaz abian jartzen ari direnak, ez dugunak ulertzen zergatik hemen ezin diren aurrera eraman. Edo, agian, ondoegi ulertzen dugu zergatik, beste interes batzuk lehenesten dituztelako.
Ze erronka jartzen dizkiozu zure buruari eta EHBilduri Uztailaren 12an?
Askotan gutxiengoen batura bat bezala aurkeztu izan dugu EHBildu: feministak, ekologistak, euskaldunak, langileen interesen aldekoak, kulturzaleak... txatalez egindako mugimendu bat bagina bezala gure burua irudikatzeko joera izan dugu orain artean. Konfinamendu ostean, herri honen gehiengoaren baloreen gehiengoaren konektatzen dugula nabarmena da. Gehiengo hori ordezkatzeko erronka ezarri nahi diot hauteskunde hauetan EHBilduri, umiltasun osoz eta lotsarik gabe.
Lehen nioen bezala, jendartearen ispilua da EHBildu. Jendearen behar eta nahiekin konektatzen dugu, jendearen konfidantza irabazten ari gara eta gobernatzeko prest dagoen alderdi gisara ikusten gaituzte. Begira krisi hauetan Errenteriak, Durangok edota Deba bezalako herrietan nola kudeatu dugun. Jendeari irtenbide errealak eskaini dizkiegu, jarrera enpatikoarekin eta egoeraren altuerara jarrita. Bien bitartean, Urkulluk Revillaren parean jartzea erabaki du.
Uste dut, nigandik hasi eta azken militanteraino, anbiziotsuak izatea dagokigula, herri honek merezi duelako eta herritarrek behar gaituztelako une honetan.